Irun iparraldean dago Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga eta pasabidea, Pirinioetako ekialdean. Kokagune horrek sakonki eragin dio Irunen jarduera ekonomikoa eta sozialari. Erdi Aroan, muga zaintzeko funtzioa zuen Irunek, horregatik haren armarrian "Vigilantiae Custos"latinezko esaldia dago idatzita. Ikuspuntu militarraren arabera, garrantzi handiko tokiak ziren Irun eta Hondarribia eta horregatik Karlos V.aren gaztelua (mende batzuk lehenago Nafarroako Erresumako errege Antso Abarkak eta Antso Nagusiak eraikia eta egokitua) eta Gaztelu Zaharra daude bi herrietan. Bestalde, Madrilgo eta Parisko trenen lotura Irunen dago. Espainiako eta Frantziako errepide eta batez ere autobide sareek bat egiten dute Irundik oso gertu, Biriatun.
Hiriaren ekonomia Frantziako eta Espainiako estatuen arteko mugaren garrantzian oinarritzen da, eta horren erakusgarri, Behobia barrutia da, bertan ZAISA dorrea deituriko ofizina dorrea dagoela. Bi estatu horien arteko mugarik garrantzitsuena da, KataluniakoLa Jonquerarekin batera. Garraio-, trenbide- eta logistika-lotune nagusia ere bada, industria- eta merkataritza-gunea izateaz gain.
61.419 biztanle zituen 2008an.
Irungo udaletxeaUdaletxearen ikuspegia 1942. urtean.
Irungo udalerrian kokatzen diren aurrehistoriako monumenturik zaharrenak Neolito-Brontze Garaiko Burkalleku eta Iratzebizkar I trikuharriak, Iratzebizkar II tumulua eta Arburuko Borda harrespila dira, 2020. urtean Iñigo Txintxurreta Diazek aurkituta[5]. Irungo aurreneko biztanleen jatorria guztiz ezezaguna dugu gaur egun; arkeologiako azken indusketen arabera, berriz, Erromatarrak izan ziren nagusi Irunen sorreran (agian, Oiasso bera).
Urte askotan, Irun Hondarribiaren menpe izan zen. 1203. urtean, Gaztelako Alfontso VIII.ak Hondarribiari eman zion Hiri-gutunean aipatzen da Irun, idatziz lehenengo aldia. Hiri-gutuna 1203koapirilaren 18an izenpetu zen, Palentzia hirian. Orduz geroztik, "Irun-Urantzu Unibertsitateak" berezko eskumenak izan zituen arlo politiko, ekonomiko eta militarrean, baina arlo zibil eta kriminalak Hondarribiaren menpe jarraitu zuen, harik eta Karlos III.a Espainiako Erregeak, 1766kootsailaren 26an izenpeturiko errege-zedularen bidez, Irun-Urantzuri independentzia eman zion arte.
Gatazka militar bat baino gehiago izan dira Irunen. Horietako bat, gaur arte ekainaren 30ean urtero ospatzen den San Martzialeko gudua, 1522. urtean Gaztelako Erresumako armadak Nafarroako Erresumakoa menpean hartu zuenekoa da: nafar gudariek Nafarroako Erresuma berreskuratzeko egin zuten azken ahalegina izan zen. Gaztelar gudariek nafarrak kanporatu zituzten Aldabe mendiko gudaldian, San Martzial egunean (ekainaren 30ean); hori dela-eta, mendi tontorrean San Martzial baseliza eraiki zuten eta, orduz geroztik, Irungo jaiak eta alardea ospatzen dira data horietan.
1813an, San Martzialeko bigarren gudua izan zen, Espainiako Independentzia gerra zela eta. Hartan, Wellingtongo dukeak gidatzen zituen espainiar-ingeles-portugaldar osteek penintsulatik bidali zituzten Napoleonen soldaduak.
Hurrengo urtean, 1805. urteaz geroztik Nafarroa Garaiko probintziaren barnean egon ondoren, Irun Gipuzkoako herri bihurtu zen berriro ere 1814.urtean eta lurralde horretan jarraitzen du gaur arte. Hori ez zen izan Nafarroaren baitan sartzeko ez lehen ezta azken ahalegina ere; izan ere, Hondarribia (Irun haren parte zen) 1638 eta 1655 urte bitartean saiatu zen lehen aldiz eta, azkenekoz, 1936ko gerra amaitutakoan Nafarroa Garaian sartzeko eskaera egin zuten Irun eta Hondarribiko alkateek. Irunek liskar gehiago ere bizi izan zituen, hala nola 1837. eta 1874. urteetan izan ziren karlistadak. Horien ostean, 1936ko gerrak hiriaren gehiena suntsitu zuen.
2015ko maiatzaren 24ko hauteskundeetanEuskadiko Alderdi Sozialistak hamar zinegotzi eskuratu zituen, aurreko udal hauteskundeetan baino bat gehiago. Euzko Alderdi Jeltzalea bigarren geratu zen, bost zinegotzirekin, baina oso hurbil geratu zen Irun Ahal Du taldea, beste bost zinegotzirekin baina boto gutxiagorekin. Euskal Herria Bilduk hiru zinegotzi eskuratu zituen, aurreko hauteskundeetan Bildu koalizioak eskuratutakoetatik bi galduta. Alderdi Popularrak beste bi lortu zituen, aurretik zituen bostetik hiru galduta. Azkenik, Ezker Batua - Berdeak zinegotzi bat zuen 2011ko hauteskundeetatik, baina Irabazi taldeak ez zuen bat ere lortu 2015ean.
Irungo Gumer Irastortzaren[45] testigantza, eskolan euskalduna eta baserritarra izateagatik jasandako tratuaren ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[46][47] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.
Euskaldunen kopurua ez da Irunen oso handia Gipuzkoako beste eskualde batzuekin alderatuz gero; 1950etikEspainiatik etorritako etorkinek eragina izan dute horretan (udalerriko helduen ia %60 ez da Irunen jaio), beste arrazoi batzuen artean. Hala bada, 2006an, irundarren %36,5ek ondo zekien euskaraz, eta %20,4k zerbait bazekien, nahiz eta oso ondo moldatu ez. Hori hizkuntza-gaitasunari dagokionez; transmisioa dela eta, 2006an %21 inguruk zeukan ama-hizkuntza moduan, eta jendearen %17,5ek erabiltzen zuen etxean.[48]
Tokiko euskara iparraldeko goi nafarrera zen XX. mendearen azkenalde arte (eta halaxe da gaur egun ere zaharrenen artean), baina gaur egun sortaldeko gipuzkeraren[49] barne dagoen Bidasoako euskara[50] da bertan katalogatutakoa.
Irungo ZAISA garraio gunearen ikuspegia. Erdian Zaisa dorrea ageri da
Lehen sektoreak ez du garrantzirik. Kokapen estrategikoarekin bat doa bertako ekonomia: mugan dago eta aduana-agentziak eta garraio-zerbitzuak nagusitu ziren, 1993an estatu-mugak merkataritzarako desagertu ziren arte; orduz geroztik hirugarren sektorea birmoldatzen ari da. Merkataritza eta zerbitzu-gunea da eta industriak ere badu garrantzia (txokolatea, portzelanak, trenbide-materialaren konponketa eta mantenimendua elektromekanika eta makina-erreminta). Lanean ari den populazioaren % 60 hirugarren sektorean dabil eta % 40 inguru bigarrenean.
BEGaren arabera, honela banatzen ziren sektoreak 2017an: lehen sektorea, %0,1. Bigarren sektorea %17,5. Hirugarren sektorea %75,2. Eraikuntza %7,2.[36]