Bizkaiko hegoaldean dago, Arabarekiko mugatik gertu. Gorbeia mendira igotzeko ohiko abiapuntua da. Zubizabala erreka txikiak herria zeharkatzen du. Erreka horren alboan dago herriko erdigunea, San Juan auzoa; Zubizabala errekaren eskuineko aldean, alegia. Herria itsas mailatik gora 574 eta 784 metro artean kokatzen da.
Ubidek mendebaldean eta iparraldean Zeanuri eta Dima udalerriekin egiten du muga; hegoaldean, Arabako Legutio udalerriarekin eta Undebe ibaiarekin (ibai horrek Zigoitia eta Ubide banatzen ditu); eta ekialdean, Otxandio eta Dima udalerriekin.
Ubide Zeanuriko elizatearen auzoa izan zen XVI. mendean banandu zen arte. Herriaren jatorria garai bateko burdinoletan dago, hala nola Zuazola, Aurtenola, Sartenera eta Ubide bera. Horrez gain, Gaztela eta Bizkaiko jaurerriaren arteko merkataritza igarotzen zen bide garrantzitsu baten ondoan egoteak herriaren garapenean lagundu zuten. Gernikako batzar nagusietan 71. jesarlekua bete zuen.
1936. urtean Espainiako Gerra Zibila hastean, Ubide, Errepublikaren aldeko zatian geratu zen eta lehen Eusko Jaurlaritza sortu zenean, Bizkaiko hegoaldeko muga zen ejerzito frankistaren aurrean. Frankisten IV. brigadak, Ubiden hasi zuen Bizkaia menperatzeko erasoa 1937. urteko udaberrian. Herria azkenik 1937koapirilaren 7an erori zen.
Ubidek etengabe galdu du biztanleria XX. mendean zehar. Gerra Zibilaren ostean, joera aldatu eta gorantz apur bat egin bazuen ere, 1960ko hamarkadatik hasita Ubideko biztanleek inguruko hiri handietara jo zuten, gehienbat Gasteiz eta Bilbora.
Ubideko Abelintxu Olano[6] hiztunaren pasartea, Ubideren erdalduntze prozesuaren ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[7][8] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.
Ubideko euskara, mendebaldeko euskararen aldaera bat da. Koldo Zuazok tarteko azpieuskalkian[6] katalogatu zuen, Otxandio Inguruko euskaran[7][8] hain zuzen. 2010 eta 2011 urteetako datuen arabera, euskaldun kopurua %58,49 zen, eta euskararen erabilera %26,2.
2007ko udal hauteskundeez geroztik. Hauteskunde horietan, EAEk botoen %59,62 lortu zuen, guztira 62 boto. EAJk, berriz, botoen %34,62a eta 36 boto lortu zituen. Boto zuri bakarra eta 6 boto baliogabe izan ziren. Ubideko alkatea EAE alderdiko Ane Ajuria Armendariz hautatu zuten. EAEk lau zinegotzi eskuratu zituen eta EAJk bat.
2011ko udal hauteskundeetan ezker abertzalea Alkarlanien herri plataforma modura aurkeztu zen. Emaitzak ez ziren askorik aldatu: Alkarlanien plataformak lau zinegotzi lortu zituen eta EAJk bat. Joxan Pagola hautatu zuten alkate.
2015eko maiatzaren 24ko hauteskundeetan berriro ere ezker abertzaleak sustatutako plataforma, Ubideko Arnasa, izan zen garaile, aurreko hauteskundeetako antzerako emaitzekin. Joxan Pagolak alkatetza berretsi zuen.